EU|ES

4. BURUTUTAKO BESTE LAN BATZUK

"Bostak Bat" lantaldeak hiztegi guzti horien oinarri izan diren hainbat ikerketa burutu izan ditu urte ugari horietako ibilbidean zehar, zenbait lan sakon eta neketsu bere gain hartuz. Horretan laguntza paregabe eskaini izan dio Bizkaiko Foru Aldundiak, guk urterik urte aurkeztutako proiektuak onartu, eta burutzeko behar genuen laguntza emanez. Ezin izango genituen jarraian aipatzen diren ikerlan ugari eta neketsuak burutu, gure ahaleginek eta ikerketa horietan jarritako gure diru-inbertsioek laguntza hori izan ez balute. Hurrengo hauek dituzue burutu ditugun ikerlanik garrantzitsuenak:

  • Datu-base bateratua (Euskara eta teknologia berriak) (2003): gure hiztegi guztiak leiho bakarra erabiliz kontsulta egiteko informatika-programa berri eragingarria, une honetan edukiz hornitzen ari garena. Hitza 'leiho' batean idatziz, datu basearen arabera, lau argitxo piztuko zaizkigu eta gogoko dugun hiztegiaren datu-basea eskainiko zaigu: euskal hiztegia (definizioduna) + euskara-gaztelania / gaztelania-euskara + sinonimoak.
  • Euskal Hiztegiko definiziozko zerrenda ugaritzea (2004-2005): Europa Hiztegia abiapuntutzat hartuz urtetan zehar burututako lana; une honetan 42.000 sarrera inguru ditugu euskaraz definitu eta txukun jarrita. Lan honetan eta Oinarrizko Hizkuntza baliabideen azterketa ikerlanean oinarritu zen gure Eskola Hiztegiaren azken bertsio berriztatua.
  • Oinarrizko Hizkuntza baliabideen azterketa (2006): lehendik eginak genituen zenbait ikerlanak (Lino Akesoloren lexiko osoa, Azkue hiztegiko hitz komunen bilketa, gaur egungo Eliz liburuetako lexiko bateratua...) eta bestelako 38 oinarrizko euskal iturri aztertuz burututako ikerlana dugu; horri esker jakin izan ditugu zeintzuk diren euskaraz beharrezko sarrerak nahiz erabilienak.
  • Euskalkiei buruzko ikerlanen emaitzak gizarteratzea (2006): Bizkaiko 13 herritan egindako grabaketen emaitzak erkatzean datza; lan zabal honek laguntza handia eskaini digu Bizkaiko lexikoaren zenbait aberastasun batuan txertatzeko. Alor hau ez dugu oraindik guztiz amaitu.
  • Gure datu-basea, Euskaltzaindiko Euskara Batuko lantaldeak proposatutako sarrerekin erkatu eta horien arabera berriztatzea (2007-2008): Euskaltzaindiko Euskara Batuko lantaldeak euskara baturako proposatutako sarrera guztiak aztertu ditugu, eta Orotariko Euskal Hiztegiak baliatuz irtenbiderik egokienak ematen saiatu gara, horrela gure hiztegietan lekua egiteko. Hitz maileguen kasuan, une honetan EUSKALTERM-ek (Euskal terminologia banku publikoa) nahiz beste zenbait hiztegi modernok ematen dizkiguten datuak kontuan hartuz, gure datu-baseari irtenbiderik egokiena ematen ari gara.
  • Euskal Aditza – Trinkoa eta laguntzailea – (Batua – Bizkaiera – Zuberera) (2005-2006). Gure hiztegietan eta eskaintzen diren aditz-eskemak eta jasotzeaz gainera laguntzailearen aurkibide alfabetikoa –adibide eta guztiere eskaintzen da. Era berean, aditz trinkoaren joko osoa ere bai. Une honetan eraberritze-bideetan dugu, liburu formatuan ez ezik internet bidez ere kontsultarako tresna baliagarria izan daitekeela uste baitugu.

Aipatu diren hainbat alorretan gidari edo bide-urratzaile izan garela uste dut. Esaterako Sinonimoen Hiztegiak egiterakoan edota Definiziozko euskal hiztegiak abian jartzerakoan. Gure lehen hiztegietatik hartutako hainbat eta hainbat adibide eta definizio aurki ditzakezue geroago etorri diren beste zenbait euskal hiztegitan. 25 urte hauetan euskarari ekarpen zabala eskaini diogula uste dut. Euskarari gizarte modernoko egoera desberdinetarako bideak irekitzen saiatu gara eta hainbatean lortu dugulakoan nauzue.

 

Adorez Hiztegiak | Bostak Bat Elkartea | Aurreko argitalpen batzuk | Taldea | Prigatutasun polita

(C)2010 Adorez Hiztegiak, Bostak Bat Kultur Elkartea