EU|ES

1. IBILBIDEA

'Bostak Bat' lantaldeak bere lehen liburua -Sinonimoen hiztegia- orain dela 25 urte argitaratu zuen arren, taldearen eraketa aurreko urtean (1982) gertatu zelarik. Urte horretaraino Euskaltzaindiaren euskara-tituluetarako batzordean bildutako zenbaiten artean ikastaroak eta antolatzen ari izan ginen, premia oso larria baitzegoen batez ere ikastoletako eta gaueskoletako irakasleen prestakuntza-alorrean.

1972ko ekainaren 30ean, Euskaltzaindiak "Euskalduntze-Alfabetatze batzordea" sortzeak, batetik, euskara irakasten ari ziren taldeak bide berberera ekarri zituen, eta, bide batez, euskarako titulazioak emateko talde bat antolatzea bideratu. Ez zegoenez euskarako tituluak emateko unibertsitaterik, Euskaltzaindiak bere gain hartu zuen euskara irakasten ari zirenen prestakuntza frogatzeko probak egitea, eta tituluak luzatzea, horretarako eskarmentu handia zuen zenbait pertsonaren laguntza eskuratu, eta talde berezi bat abian jarriz. Talde hori Alfontso Irigoien jaunaren ardurapean eratu zen Joanjo Zearreta idazkari zuelarik. Geroago 'Bostak Bat' lantaldea sortu, eta "ADOREZ" hiztegi sortari hasiera eman genion gehienok batzorde horretako kide ginen.

Hori horrela, "D" eta "B" tituluak eskuratzeko aukera herritarrei eskaintzeak, era berean, horretarako prestatzeko ikastaro bereziak eratzea ere eskatzen zuen. Hainbat tokitatik ikastaro-eskariak jaso ondoren, titulazio-batzorde horretan ari ginenok elkartu eta Bizkaia aldean ikastaroak emateko talde bat osotu genuen. Ikastaro horiek aste barruan nahiz larunbatetan (Zornotzan "D" mailako titulazioa lortzeko ikastoletako andereƱoentzat, eta Deustuko unibertsitatean "B" titulazioa lortzeko prestatzekoak gainerakoentzat) ematen hasi ginen. Aste barruan Ullibarri eta Zabala euskaltegietan; geroago, larunbatetan Urretxindorra ikastolan ere eman genituen. Udan, ostera, IruƱeko UEUko udako ikastaroen barruan.

Zeregin horretan urteetan jardun eta gero, ikastaro horiek emateko nahikoa irakasle prestu zegoela bazterretan ikusirik, horretan jardun izandako taldeko kide batzuk urrats berri bat eman beharra ikusi genuen. Egin-eginean ere, halako ikastaro berezietarako falta zen materiala prestatzea. Horretarako Bostak bat taldea sortu genuen eta lanean hasi. Lehenengo bi liburuxka (fonetika eta geografia-historiari buruzkoak) argitaratzeko laguntza eskaini genien egileei, era berean beste premia batzuetarako materiala prestatzeko ahaleginetan jarraitu.

Horrela, taldekideen gogoen eta prestakuntzen arabera bi talde osotzea erabaki genuen. Talde batek "D" mailarako sinonimoen hiztegi egoki bat prestatzeari ekin zion, eta besteak "B" mailako titulurako goi mailetako literatura, linguistika, azterketa literarioa eta abar irakasteko gaiak prestatzeari. Lana errazago zelako edota langile gehiago ari ginelako, aurrea hartu genuen sinonimoen hiztegirako lanean ari ginenok, euskara hutsezko sinonimoen lehen hiztegia 1983an argitaratzea lortuz.

Nork ez ditu ezagutzen gure lehen sinonimoen hiztegiaren diseinatzaileei esker hain erakargarri bihurtu ziren begi zabal haiek? Euskaldunok geure euskalkitik beste euskalkietara begiak zabaltzen genituela edo ematen zuten aditzera. Gure taldearen 'Bostak Bat' izenak ere bost euskalki nagusiak (Bizkaiera, Gipuzkera, Lapurtera, Nafarrera eta Zuberera) gogora ekarri nahi zituen. Aurpegi horrek hain arrakasta handia izan zuenez, geroago berriztatuta eta hainbatetan handituta argitaratu genituen sinonimoen hiztegietan ere aurpegi bera mantentzea erabaki genuen. Gogo handiz ekin genion lanari gure liburu-sortari ezarri genion ADOREZ izenak aditzera ematen duenez!

Argitaratzeko dirua guk geuk jarri behar izan genuen inork ez baitzuen sinesten euskara hutsezko hiztegi batek etorkizunik izan zezakeenik! Oso merke eskaini genuelako edota, agian, besterik ez zegoelako, izugarrizko arrakasta izan zuen gure liburuak urte horretako Durangoko azokan, libururik salduena izatera helduz. Urrats berria zela eta elkarrizketa luze bat egiteko aukera eskaini zigun Pello Zabaletak azokan bertan, aurreko urtean abian jarritako Euskadi irratian. Horrek asko lagundu zigun eta edizio erdia inguru saldu zen azokan, horrek aurrera egiteko izugarrizko bultzada eman zigularik.

Irratirako eginiko elkarrizketa horretan ea zergatik ez genuen definiziozko euskal hiztegi bat egitera jotzen galdetu zigun Pellok. Guk aztertuko genuela gaia erantzun. Eta hala egin genuen luzapenetan ibili gabe. Horrela, Euskararako Hiztegia izango zena prestatzen hasi ginen. Jo eta ke ekin genion lanari 1984ko urtearen hasieran, lehen urrats modura definitu beharreko oinarrizko zerrenda aukeratu, (oraindik gogoan ditut zenbait larunbatetan UZEIk bilduta zuen lexiko-bilduma aztertzera Donostiara egindako bilera haiek) eta materiala prestatuz. Guzti hori uda baino lehenago izan zen.

'Bostak Bat' taldeko kideak, ezkerretik eskumara: Gotzon Aurrekoetxea Olabarri, Patxi Uribarren Leturiaga, Juan Luis Goikoetxea Arrieta, Txomin Solabarrieta Etxaburu, Ricardo Badiola Uriarte eta Luis Baraiazarra Txertudi, Euskararako hiztegia eta hiztegi horri emandako saria eskuetan dituztela (1986)

Definiziozko hiztegi hori burutzeko, baina, jendea behar genuen eta lan horretarako euskara oso txukuna erabiltzen zuen Luis Baraiazarra karmeldarrari taldean sartzeko eskaria luzatu genion. Nik neuk aipatu nion udako oporretan gure asmoa eta eskolak ematen ari zen ikastolarekin akordioa egin ondoren gure taldearen zerbitzura dedikazio osoz lanean jartzea lortu genuen. Horrela osatu genuen ordutik hona sei kidek aurrera eraman izan dugun taldea.

Bi urtetako lan luzea burutu ondoren, 1986an argitaratu genuen arrakasta hain handia izango zuen gure Euskararako hiztegia. Hiztegi horri jendeak eginiko harrerari esker iraun izan du, hainbatean, gure taldeak hiztegigintzan lanean. Bestalde, horri esker Luis Baraiazarra irakaskuntzako lanetatik askatuta buru-belarri hiztegigintzan jarduten jarraitzea lortu genuen. Euskararako Hiztegia argitaratu genuenean Euskal Libururik onenaren saria ere jaso genuen, eta horrek hainbatean indarberritu zituen gure lanerako gogoak. Horrela jarraitu izan dugu gaur arte.

 

Adorez Hiztegiak | Bostak Bat Elkartea | Aurreko argitalpen batzuk | Taldea | Prigatutasun polita

(C)2010 Adorez Hiztegiak, Bostak Bat Kultur Elkartea